Percy Jackson eta Tximistaren Lapurra

Rick Riordan
Mezulari, 2013
Eleberria

2016-03-29 2 iruzkin

Abentura handi bat, moda-modako ukituekin.



2 iruzkin "Percy Jackson eta Tximistaren Lapurra"

  1. Aieko Zumeta Navascués
    Aieko Zumeta Navascués
    2021-05-18 Santo Tomas Lizeoa

    Nire ustez, Percy Jackson eta Tximistaren Lapurra gaur egungo gazte-literaturako liburu onenetako bat da. Hona hemen zergatik,

    Lehenik eta behin, istorioa aipatu beharra daukat. Nobelaren 400 orrialdeko iraupenean, Rick Riordan idazlea gai da elementu mordo bat sartzeko: mitologia grekoari aipamen umoretsuak, ekintza-sekuentzia bikainak eta momentu barregarriak. Esan beharra daukat ez dagoela momentu aspergarririk kontakizun osoan. Dozenaka munstro, jainko eta bestelako aurkitzen dituzte bidean, eta oso dibertigarria da bakoitza ezagutzea. Hau dena esanda, liburu honen istoria ezin hobea dela uste dut.

    Bigarrenik, kontamoldeaz hitz egin behar nuke. Lehen esan bezala, ez dut uste liburu honetan momentu aspergarririk dagoenik, eta Rick Riordanen idazkerak asko laguntzen du hortan. Erritmoa azkarra da, baina ez gehiegi, hau da, ez duzu istorioko elementurik galtzen. Egoera bakoitzarekin gozatzeko tarte egokia ematen du, eta gero, aurrera doaz. Esaldiak ere argiak eta esanguratsuak dira. Beraz, nire ustez, liburu honen kontamoldea bikaina da.

    Ondoren, lexikoari aipamena egin behar diot. Oso egokia iruditzen zait idazleak hitzak erabili zituen modua liburuaren irakurle gazteekin komunikatzeko. Hitzak argiak dira; zortzi urteko ume batek gehiena ulertuko luke, baina hori baino zaharragoek ere ez dute sinpleegia aurkituko.

    Azkenik, pertsonaien inguruan aipamen berezi bat egin behar dut. Ezin-hobeak iruditzen zaizkit liburu honetako pertsonaiak, eta, Rick Riordanek pertsonaia berekin beste 14 liburu idatzi dituela kontutan hartuta, ez naizela bakarra esango nuke. Hiru pertsonaia nagusien arteko harremanak bizitasun berezi bat ematen dio istorioari, eta beste pertsonaia guztiak ere primeran garatuta daude. Ez dago inor liburu honetan aspergarria denik, nahiz eta orrialde pare batean-edo besterik ez azaldu, batzuen kasuan. Irakurleak lehen momentutik lortzen du pertsonaia nagusiekin konektatzea, eta asko laguntzen du nobela osoa lehen pertsonan idatzita egoteak.

    Amaitzeko, nire ustez, liburu hau ezin hobea da, eta zorte handia dugu euskarara itzulita dagoela ikusita. Nobela hau abentura gustatzen zaien 9 urtetik gorako pertsonei gomendatuko nieke. Ez dut gehienezko adin bat jarriko, uste dudalako edozein adineko pertsonek gozatu dezaketela liburu hau.

  2. Leire Vargas
    Leire Vargas
    2016-03-31 Kurutziaga ikastola

    Percy 12 urteko Yancy Akademiako barnetegian bizi den adimen-arazodun mutil bat da. Kurtso amaierako egun batean, irteera batean zehar, gertaera oso arraro batzuk bizi ditu, eta asteburu horretan bertan, amak Percyk ezagutzen ez duen kanpamentu misteriotsu batera eramaten du. Kanpamentura bidean, minotauro izeneko munstro batekin topatzen da, eta honek Percyren ama eramaten du. Horren ostean, Percy mestizoen-kanpamentuan bizitzera ohitu beharko da eta, Annabeth eta Groverrekin batera, bere ama salbatzeko abenturan joango da.

    Pertsonaiei dagokienez, eleberri hau oso konpletua da. Percyren umore sarkastikoak eta gauzak ikusteko moduak barreak aterako dizkio irakurleari, eta kontakizuna arinduko du. Gainera, pertsonaiak oso originalak eta biribilak dira, eta horrek kontakizunaren sinesgarritasuna handituko du.

    Beste alde batetik, Riordanek oso gauza zaila lortzen du fantasiazko istorio bat sinesgarria egiten. Umeentzako modukoa sailkatuta badago ere, istorio hau edozein adinetako pertsonek goza dezakete.

    Azkenik, kontamoldeari dagokionez, lexiko aberatsa baina irakurterraza erabiltzen da, eta horrek liburua arina izatea egiten du. Horren ondorioz, umeek eta oso liburuzaleak ez direnek ere erraz irakurriko dute, eleberria gomendagarriagoa eginez.

    Edonori gomendatuko nioke Percy Jackson-en bilduma, fantasiazko liburuak gustatzen zaizkien pertsonei bereziki.


Zure iritzia partekatu nahi duzu?

Zure eposta ez da argitaratuko. Derrigorrezko eremuak * bidez markatuta daude

Utzi erantzuna