Iritsi da Airakurri lehiaketaren aurtengo irabazlearen izena aireratzeko eguna. Jakin nahi duzue nor izan den literatur kritikaririk finena?

Gure elkarteko kide diren editore profesionalek hautatu dute aurtengo iruzkinik landuena, kritikaririk finena. Nor izan den? Santo Tomas lizeoko Aieko Zumeta izan da, Percy Jackson eta tximistaren lapurra liburuari egin dion iruzkinari esker.

Ongi antolatutako iruzkina idatzi du Aiekok, ideiak txukun adierazi ditu, bere iritzia sutsu defendatu du eta idazketa maila ederrean, gainera. Zorionak, Aieko! Segi horrelaxe lanean!

Aurtengo gure bidaia hemen amaitzen da. Baina, adi egon, hegazkina berriz ere beste helmuga batzuetara abiatzeko prestatuko dugu eta. Segi irakurtzen, amesten, letren bidez bidaiatzen… eta laster egingo dugu topo berriro. Bitartean, ongi izan!

Hemen duzue Aiekoren iruzkina:

“Nire ustez, Percy Jackson eta Tximistaren Lapurra gaur egungo gazte-literaturako liburu onenetako bat da. Hona hemen zergatik,

Lehenik eta behin, istorioa aipatu beharra daukat. Nobelaren 400 orrialdeko iraupenean, Rick Riordan idazlea gai da elementu mordo bat sartzeko: mitologia grekoari aipamen umoretsuak, ekintza-sekuentzia bikainak eta momentu barregarriak. Esan beharra daukat ez dagoela momentu aspergarririk kontakizun osoan. Dozenaka munstro, jainko eta bestelako aurkitzen dituzte bidean, eta oso dibertigarria da bakoitza ezagutzea. Hau dena esanda, liburu honen istoria ezin hobea dela uste dut.

Bigarrenik, kontamoldeaz hitz egin behar nuke. Lehen esan bezala, ez dut uste liburu honetan momentu aspergarririk dagoenik, eta Rick Riordanen idazkerak asko laguntzen du hortan. Erritmoa azkarra da, baina ez gehiegi, hau da, ez duzu istorioko elementurik galtzen. Egoera bakoitzarekin gozatzeko tarte egokia ematen du, eta gero, aurrera doaz. Esaldiak ere argiak eta esanguratsuak dira. Beraz, nire ustez, liburu honen kontamoldea bikaina da.

Ondoren, lexikoari aipamena egin behar diot. Oso egokia iruditzen zait idazleak hitzak erabili zituen modua liburuaren irakurle gazteekin komunikatzeko. Hitzak argiak dira; zortzi urteko ume batek gehiena ulertuko luke, baina hori baino zaharragoek ere ez dute sinpleegia aurkituko.

Azkenik, pertsonaien inguruan aipamen berezi bat egin behar dut. Ezin-hobeak iruditzen zaizkit liburu honetako pertsonaiak, eta, Rick Riordanek pertsonaia berekin beste 14 liburu idatzi dituela kontutan hartuta, ez naizela bakarra esango nuke. Hiru pertsonaia nagusien arteko harremanak bizitasun berezi bat ematen dio istorioari, eta beste pertsonaia guztiak ere primeran garatuta daude. Ez dago inor liburu honetan aspergarria denik, nahiz eta orrialde pare batean-edo besterik ez azaldu, batzuen kasuan. Irakurleak lehen momentutik lortzen du pertsonaia nagusiekin konektatzea, eta asko laguntzen du nobela osoa lehen pertsonan idatzita egoteak.

Amaitzeko, nire ustez, liburu hau ezin hobea da, eta zorte handia dugu euskarara itzulita dagoela ikusita. Nobela hau abentura gustatzen zaien 9 urtetik gorako pertsonei gomendatuko nieke. Ez dut gehienezko adin bat jarriko, uste dudalako edozein adineko pertsonek gozatu dezaketela liburu hau.”