Gaur goizean izan gara Editoreen Elkarteko kideak Santo Tomas lizeoan aurtengo Airakurri lehiaketako irabazleari bere saria ematen.

Kritikari lanetan fin aritu den Aieko Zumetak pozik hartu gaitu, irribarretsu. Sari banaketako ekitalditxoan bere iruzkina irakurri digu denoi; Koro Navarrok itzulitako Percy Jackson eta tximistaren lapurra liburua asko gustatu zitzaion eta hala adierazten du bere literatur-kritikan. Erein argitaletxeko ordezkariak eman dio saria Aiekori.

Ikastetxeak ere izan du bere liburu-sorta irakurketa sustatzeko lanetan gogotsu jarrai dezan. Urtero bidaltzen dizkigute iruzkinak euren ikasleek Airakurri lehiaketara, beste hainbat ikastetxetako ikasleek bezala. Liburuaren defentsan eta sustapenean laguntzaile sutsuak ditugu.

Sariak banatuta, bukatu da aurtengo gure bidaia ere. Laster izango gara berriro ere zuekin bueltan, hurrengo hegaldirako prest. 2022ko urtarrilean izango da hori. Bitartean, segi irakurtzen, amesten, letren bidez bidaiatzen…