Airakurri lehiaketako 2021eko edizioko finalistak aukeratu ditugu. Ez da erraza izan! Izan ere, lehia estua izan da iruzkin batzuen artean.

Hainbat eta hainbat iruzkin iritsi zaizkigu Euskal Herriko puntu ezberdinetatik. Iritzi landu eta prestatu asko jaso ditugu. Erredakzioan lan handia egin duzue batzuek, alajaina! Guk orokortasun bati begiratu diogu: ideiak eta edukia nola azaldu diren, testuaren antolaketa, kohesioa, iritzi emailearen tonua, hiztegiaren erabilera, etab.

Horiek horrela, hauek dira aurtengo Airakurri lehiaketako hiru finalistak: Axular Lizeoko Iker Poza (Ezekiel noraezean), Txintxirri ikastolako Lorea Reta (Frankestein efektua) eta Santo Tomas Lizeoko Aieko Zumeta (Percy Jackson eta Tximistaren lapurra). Zorionak hirurei!!! Eta, adi! Datorren ostegunean, ekainak 3, argitaratuko dugu irabazlearen izena!

Eskerrak eman behar dizkizuegu parte hartu duzuen guztiei. Iruzkin izan gabe ere, irakurritako liburuen laburpenak jasotzen zituzten testuak ere bidali dizkiguzue. Eskerrik asko ahaleginagatik! Hurrengo urtean hementxe izango gara berriz ere, zuen iritziak biltzeko prest.