“Beti iparralderantz” eleberria kaleratu du Jon Arretxek

2015/02/11

Afrika eta afrikarrak hobeto ezagutzen lagunduko digun eleberria da Jon Arretxek idatzi berri duena, kontinentearen egoerari eta bertako kulturei buruz hitz egingo digu. Abenturazko eleberria da, noski, eta erritmo bizi-bizikoa. “Nahiz eta gai garrantzitsu eta gogorrak izan, modu xume batean idazten saiatu naiz” dio Jonek berak. 

Europako ateak jotzen edo jo gabe ate gainetik pasatzen diren etorkin horiek nondik datoz?

Malin, Senegaletik hurbil dagoen Kayes herrian jaio zen Drissa. Han bizi izan da bere gurasoekin eta bi anai-arrebekin eta haurtzaroaren gomuta atseginak ditu, baina egun zoritxarreko batean aitak lanpostua galdu eta bizibidearen bila hasi behar izan zuen familia osoak.

Aita Europa aldera joan zen ogi bila, afrikar asko bezala. Baina haren berririk ez zuenez, hamahiru urte bete zituenean, Drissa aitaren bila abiatuko da milaka kilometroko bidaian, milaka abentura zirraragarri bizi izatera. Hainbat muga zeharkatu beharko du beti iparralderantzko bidean: Malin, Aljerian, basamortuan, Marokon eta azkenik itsas artea pasatuta Espainiara.

Abentura horietan era guztietako pertsonak ezagutuko ditu, bihotzik ez duten anker mixerableak eta laguntzeko prestasun handiko
jatorrak.

Zuk zer egingo zenuke?