Beraz, lehenik eta behin, zorionak Teresari!! Zure iruzkina da gure epai-mahaiari osoen eta borobilen iruditu zaiona. Liburuaren trama ondo adierazteaz gain, nerabezaroan gertatzen diren aldaketa fisikoak eta psikologikoak aipatzen dituzu. Adin gorabeheratsua da, duda barik. Adin tarte horretako ezaugarririk nabarmenenak liburuan ondo islatuta ikusten dituzula aipatzen duzu, eta horregatik zure iruzkinean ere azpimarratzen dituzu. Argi adierazten dira iruzkinean istorio honen alderdi baikorrenak eta argi uzten du liburua zergatik gustatu zaizun. Zure azken komentarioetako bat ere interesgarria iruditu zaigu: mutilak, animatu zaitezte liburu hau irakurtzera!

Aurtengo Airakurri proiektuan, ordea, ehundaka iruzkin jaso ditugu harmanaka ikastetxetako ikasleek bidaliak. Egundoko maila erakutsi duzue den-denok, eta eskerrak eman behar dizkizuegu, bihotzez. Zorionak guztiei!! Hori da lan ona egin duzuena!

Hemen uzten dizuegu Teresaren iruzkina:

“Nik liburu hau 12-13 urteko neskei gehienbat gomendatzen diet, oso interesgarria delako, eta bertan 13 urteko neska gazte baten bizipenak agertzen direlako.
Hiztegi maila aldetik, erraza da. Liburua ulertzeko ez dago arazorik, maila egokia du, agian errezegia. Gustura irakurri dut, hurrengo kapituluan gertatuko zena jakiteko asmoz.
Nerabezaroan barruratzen hasia den neska gazte baten adibide arrunt bat ipintzen digu, eta horrek istorioaren pertsonaiekin identifikatuta sentiaraztea lortzen du.
Hasiera batean, txikientzat zuzenduta zegoela iruditu zitzaidan, laburra delako, baina irakurtzean, oker nenbilela konturatu nintzen. Izan ere, liburu honek, neskek nerabezaroan igaro behar dituzten egoera normalak azaltzen ditu, eta hamar urteko gazteek ez lukete hain ondo ulertuko.
Ihintza, bere laguna , arropa berria erosten, ezpainak margotzen eta honelako gauzak egiten lagunduko dio, mutila Jaran fijatzeko. Baina hura ez da arazo bakarra, bi urte gehiagoko neskak, apustu bat egin du ea nork ematen dion muxu lehenenego Urkori. Emango ahal dio muxu Amaiak Urkori? Urkok noiz jakingo du Jara beraz gustatzen dela? Jara egoera honen aurrean jeloskor ipintzen da.
Aldaketa biologikoa, psikologiko eta soziala du. Aldaketak bat-batean gertatzen dira hiruretan.
Haurtzarotik heldutasunera igarotzeak urte asko iraun dezakeen arren, “adin gaixtoarekin” aurkitzen da Jara.
Izaera aldaketa sakona izaten du Jarak, gorputza ia helduan sarturik ikusten du bere burua, inoren gorputzean balego bezala eta kezkatu egiten da, oraindik hamahiru urteko neska gazte bat baino ez delako.
Hau, arazo bihurtzen da. Etengabeko liskarrak sortarazten dira gurasoekin, Jarak bere ideiak defendatzen dituelako. Bere lehenengo amodioa, lagunengandik nabarmentzea… honako egoerekin aurkituko zara, irakurtzean.
Jara emakume egiten denean, tatuaje bat egitea erabakitzen du. Horrek arazo asko ekartzen dizkio bere gurasoekin, eta beste hainbat txorakeria egiten ditu, gustuko duen mutilaren atentzio deitu ahal izateko.
Mutilei ere, liburu hau aholkatzen diet. Irakurri ondoren, nerabezaroa igarotzen ari den neska baten sentimenduak, bizipenak, arazoak eta situazio desegonkorrak ezagutuko dutelako. Liburu hau hautatzeagatik ez naiz damutzen, asko gustatu zaidalako.”