Greta

Jasone Osoro
Elkar, 2003

Oskarrentzat, lehenaldiarekin daukan lotura bakarra da Greta, amona Sararen dendako manikia. Ordu luzeak ematen ditu hari begira, harekin mintzatzen, hura janzten eta garbitzen. Baina ez dago erotuta, ongi bereizten ditu pertsonak eta andrakilak, eta ezkontzekotan da bere betiko andregaiarekin: Anarekin. Anari, baina, gehiegizkoa irudituko zaio Oskarrek panpinarekin duen harreman estu, ia menpekotasunezko hori, eta hautu bat egitera behartuko du: edo Greta edo ni. Horrela hasten da Greta, eta hortik aurrera hainbat ustekabe eta zirrikitu gordetzen dizkigu, bizitzak ikuspegi ugari izan baititzake, eta aurpegi asko eskaini maitasunak. Jasone Osorok, bere lehenengo eleberri honetan, harreman-mota original bezain kilikagarri bati heldu dio, gizon-emakumeen arteko behar, kontraesan, nahi eta ezinetan sakontzeko. Begirada zinematografiko eta estilo iradokitzailea darabiltza egileak, prosa ederreko pasarteak eta elkarrizketa arinak tartekatuz; hala, aldika laztan aldika atximur egiten duen istorio honekin hegan jarriko du irakurlearen irudimena.

Erantzun bat “Greta” bidalketan

  1. Izaro Izquierdo Arratia BHI

    Greta, amona Sararen dendako manikia da. Oskarrek ordu luzeak ematen ditu hari begira, harekin mintzatzen, hura janzten eta garbitzen, bere ama bera txikia zenean hil baitzen eta bakardadea sentitzen baitu. Baina, ezkontzekotan dago bere betiko andregaiarekin: Anarekin. Horren ondorioz, amaieran hautatu beharko du Greta, konpainia edo Ana, maitalea. Hori baino askoz gehiago da liburua, hautaketa horretan, ekintza ugari sortu eta pertsonai misteriotsuak agertzen direlako: maitasuna, ustekabea, tristura, Rakel, Ava…

    Oskar, Ana, Rakel, Greta… gizakion antzera, errealak dira, eleberrian zehar garatuz baitoaz. Hala ere, Greta maniki bat izan arren, esan liteke, objektu pertsonalizatua dela. Bera momentu batean narratzailea delako eta bizia hartzen duelako, bere izaera eta pertsonalitatea islatuz. Ez hori bakarrik, Greta pertsonaia, beste eleberri batzuetako protagonistetik bereizten da. Desberdina da, ez du bizia, bakarrik entzuten du. Horrek liburuari bizia ematen dio. Beste pertsonaiak ere: Rakel, Oskar, Ana, Sara… ezustekoak ematen dituzte, alegia, Oskarrek Gretarekin zer egingo duen jakinarazten duenean edota Rakelen identitatea ezagutarazten duenean… hori dela eta, hurrengo kapituluan jakitun geratzen zara.

    Gaiak berriz, irakurlearen jakin-mina pizten eta mantentzen du, kapitulu bakoitza denbora-pasarako ondo etortzen delako. Horrez gain, arazoa konpontzeko ekintza asko egon arren, denak emozioak eta irribarreak loratzen dituzte. Baina beste alde batetik, tristura eta pena ere. Gretaren erakusleihoa, amonaren dendaren eraispena, Rakelen pentsioa… hain zuzen dira hainbat gaietan aipagarrienak. Nahiz eta ekintza horiek eguneroko bizipenetan ez gertatu, gogoa gehiago suspertzen dute, ezberdinak eta gutxi entzundakoak direlako.

    “(…) Greta ederra zen. Perfektua, ia perfektua. Ana ere bai. Gretaren azala hotza zen, leuna. Ana beltzarana zen. Gretak izter gogorrak zituen, plastikoarekin egindako artelan polita. Anak belaun beteak zituen, haragi mamitsua, erditu den emakume baten bularrak zituen, oparoak. (…) Gretak entzuten zekien. Anak bazekien hitz egiten. Greta konpainia zen. Ana maitalea nuen. (…)”

    Jasone Osorok, hizkera landu eta bizi bat erabiltzen duenez, irakurketa atsegina eta irakurleen gogoeta suspertzen du. Bestalde, elkarrizketa arinak eta informalak tartekatuz, irakurleak erakarri eta liburua irakurterraza egiten du, lodiera handikoa izan arren. Modu berean, kapitulu bakoitza irakurri hala, jakin-min asko sortarazten du. Eta horrek ere, irakurketa arina eta irakurlearen irudimena hegan jartzean du.

    Dena kontuan hartuta, esan liteke, gazteontzat nahiz, helduentzat egokituta dagoela. Ez oso umeena ezta helduena. Baina ez litzateke aproposa izango 11 urteko umeentzat, gaiak heldutasun puntu bat baitute. Beraz, azkar eta intriga sortzen duten eleberriak maite dituenentzat, oso nobela polita da Greta. Zeren zain zaude? Animatu irakurtzera eta disfrutatzera. Amaiera, ahaztezina izango zaizu, ez geratu jakin-minarekin.

    Izaro Izquierdo 2017-12-18

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude