2016-06-08 Iruzkinik ez

“Arbola eskuzabala” 1964ko klasiko bat da, adin guztietako irakurleentzat, klabe kritikoan hainbat gogoeta eta irakurketa planteatzen dituena: adiskidetasun leial eskuzabala, maila bereko ordainik ez duena; gure planetarekiko harreman suntsitzailea; beharrizan materialen eta ukiezinaren arteko kontrastea, zoriontasunera iristeko bidean; familiari buruzko parabola bat ere bai… Testua ekintzen segida dinamiko bat da, arbolaren irudi zentralaren inguruan, pertsona batekiko interakzioan. Bizitza oso bat islatzen da istorio samur hunkigarri honetan, tristezia ukitu bat ere baduena: haurtzaroan hasi, biak jolasean aritzen ziren garaian, heldurarora eta zahartzarora arte. Aro horien guztien arteko aldeak “maite izatearen” eta “behar izatearen” bizi-jarreren arteko kontrasteak markatzen ditu. Trukean ezertxo ere espero gabe, mugarik gabeko eskuzabaltasuna eta maitasuna dira arbola horren ezaugarriak: bera zoriontsua da Mutikoa zoriontsua den bitartean. Shel Silverstein-ek lau urte eman zituen “Arbola eskuzabala” argitaratu gabe, harik eta Tomi Ungerer-ek Ursula Nordstrom argitaletxera bidaltzera adoretu zuen arte. “Bizitzak amaiera triste ederrak dituelako. Ez dago barre egin beharrik, nahiz eta nire lan gehienak barregarriak izan”, azaldu du egileak, zeinaren liburuek mugarik gabe amets egitera eta pentsatzera bultzatzen baitute. Maila estetikoan nabarmentzekoak dira zuri-beltzeko irudien ekonomia, minimalismoa eta adierazkortasuna, biñeten estetika berarekin eginak.