Informazioa

Helburua

Euskal Herriko belaunaldi berrietako haur eta nerabeek gure eta beraien hizkuntzaren jabe egin daitezen nahi dugu, jabe hitzak esan nahi duen guztiarekin. Ez dugu nahi, inola ere ikasle berrientzat euskara eskolako gela eta ikaslanetako tresna eta modu soil gerta dadin. Euskaraz bizitzeko zoria lor dezaten nahi dugu, euskararekin gozatzen asma dezaten, eta hori gure herriko zenbait girotan ez da erraza. Eskolarena bakarrik den egitekoa ez da, noski, baina ikastetxeak garrantzia handia du.
Hori guztia badakigun arren, eta badakigulako, liburuaren publizitate kanpaina honen bidez irakurzaletasuna sustatzen lagundu nahi dugu, egungo munduan erraza ez den eginkizun horretan.

Nori zuzendua

Airakurri kanpaina DBHko 2. mailako ikasleei zuzendutako proiektua da. Zaletasunak lantzeko adin egokia daitekeelako eta gainera, horrela, ekimenak jarraipena izan dezakeelako hurrengo ikasmailetan.
Ikasleei irakurketa plazer iturri gerta dakien lagundu nahi dugu. Horretarako, ikasleei irakurri dituzten liburuek sorrarazitako burutazioak elkarri luzatzeko bidea ireki dugu. www.airakurri.com webgunean irakurritako liburuen iruzkinak sar ditzakete, eta ikasle irakurlerik saiatuenari, sari moduan liburu-sorta  eta tableta emango zaio. Ikus sarien atala.