Sariak banatzen

2016/05/5

Atzo izan ginen Artaza-Romo BHI institutu publikoan Teresa Nocedari bere saria ematen. Jasone Osoro idazleak ere parte hartu zuen ekitaldian bere hitzen bidez. Une goxoa izan zen, benetan.

Jasone Osorok Teresari eta Airakurriko partehartzaileei igorria:

“Nik zuen adina nuenean ez nekien ezer bizitzaz. Horregatik irakurtzen nuen, ikasteko. Eta horregatik idazten nuen, nire buruan sortzen ziren korapilo eta galderak askatu eta gauzak hobeto ulertzeko. Jara eta Ezekiel idatzi nituenean nire helburu nagusia zen irakurle gazteak entretenitzea. Liburua irakurtzen hasten zirenean aurrera egiteko gogoa sortzea, jakinmina. Horregatik da hain polita idazten duzun horren inguruan irakurleek duten iritzia jakitea. Horregatik da hain polita eman duzuna bueltan jasotzea. Hara, musikariek kontzertuak ematen dituzte eta zuzeneko kontzertu horietan aukera dute euren jarraitzaileekin batera abestu ahal izateko. Idazleok ere behar dugu irakurleekin batera abestu, hori baita gure motorra. Liburu bat ez da deus ez badu irakurle bat. Istorio bat ez da deus ez badu irakurle bat.

Zorionak, Teresa. Benetan trebezia azaldu duzu zure iruzkinean, kritikari askok baino zorrotz eta dotoreago jokatu duzu, eta oso ondo idatzita dago. Asko gustatu zait bukaeran mutilei egin diezun keinua. Izan ere, nik beti esan izan dut Jara neskei eta mutilei zuzendua dagoela. Protagonista neska izateak ez du esan nahi liburua neskentzat idatzia dagoenik. Teresa, eutsi iritzi kritiko horri eta baita beldurrik gabe eta zintzo azaltzeko jarrerari ere. Biba zu!

Eta mila esker, era batera edo bestera, nirekin batera abestu duzuen eta abesten jarraitu nahi duzuen guztioi. Egunen batean egingo dugu topo edozein herriko jaixetan.”

Jasone Osoro