June Marañon-en iruzkina

Ander Deuna ikastetxea

Riordan, R.: Piramide Gorria, Mezulari, 2010

Sadie eta Carter Kane ume normalak direla uste dute, baina ez da horrela. Haien ama hil zenetik, Carter bere aitarekin bizi da etengabe bidaiatzen. Sadie, berriz, aitona-amonekin bizi da Londresen. Carter eta bere aita Londresera doaz Eguberri Bezperan eta Britaniar museora doaz. Aita egiptologo bikaina da eta zuzendariaren baimenarekin hango harri bat aztertzen hasten da. Harria aztertzen hasi bezain laster, eztanda bat entzuten da museoan eta aita desagertzen da. Hori dela eta, Carter eta Sadie bidaia arriskutsu bat hasten dute aita aurkitzeko. Bidaia horretan estalita daude hainbat sekretu desestaltzen dute. Garrantzitsuena: amaren heriotzaren zergatia eta aztiak direla.

Alde batetik, istorio hau bikaina da zure irudimena martxan jartzeko. Oso azalpen onak ematen ditu gehien bat lekuei buruz, eta horrek asko laguntzen du istorioa ulertzeko. Irudiak ere asko laguntzen dute eta, hieroglifikoak izan arren, asko laguntzen dute istorioa zure buruan kokatzeko eta zer nolako keinuak egiten dituzten eta botatzen dituzten aztikeriak hobeto ulertzeko.

Beste alde batetik, irakurleak asko gozatzen du pertsonaiekin; izan ere, neba arreba dira eta oso elkarrizketa barregarriak egiten dituzte haien artean, elkar zirikatzeko. Hori dela eta, liburua eramangarriago bihurtzen da. Gainera, bi pertsonaiak oso ondo azaltzen dituzte haien sentimenduak; horregatik, liburuaren hainbat partetan irakurlea pertsonaien azalean jartzen da.

Egitura ere nahiko ona da, kapitulu bakoitzak izenburu bat duelako. Horrek pistak ematen dizkizu zer gertatuko den jakiteko eta jakin-mina pizten dizu liburua irakurtzen jarraitzeko. Liburu honen berezitasuna kapituluak bi protagonisten artean kontatzen dutela da; beraz, liburua, lehenengo pertsonan idatzita dago. Honekin bi pertsonaiaren izaerak hobeto ulertzen dira eta liburuaren hainbat egoera bi ikuspuntu desberdinetatik ikusi daiteke. Liburua ingelesetik itzulita dagoenez, batzuetan komikietako pertsonaiak edo liburuen izenburuak agertzen dira eta gehienetan honelako gauzak ezezagunak dira irakurlearentzat. Horregatik oso ideia ona iruditzen zait orriaren behealdean azalpen txiki bat ipintzea.

Liburu honetan Rick Riordanek Egiptoko mitologia ulergarria eta dibertigarria bihurtzen du gazteentzat. Liburu hau oso gomendagarria da fantasiazko istorioak gustuko dituen irakurleentzat.

Beñat Iñurrategi-ren iruzkina

Arizmendi ikastetxea

Antton Kazabon, Aurpegiko ubeldurak, Elkar, 2010

Protagonista nagusiak lau dira, Matilde etxeko ama, Enara, alaba nagusiena, Lukax, seme gazteena eta Aingeru, Enararen mutil-laguna.
Matilde ospitalean dago bere senarrak emandako azken jipoiagatik. Oraingo egurra ez da besteak bezalakoa izan, izan ere, bere burua defendatu nahian, bere senarra hil izan behar du. Oraingoa, ez da eman dion lehen astindua izan, aurretik ere gorriak ikusi ditu Matildek. Enara, alaba sarrena, ohartzen zen nola ama ubeldurez ateratzen zen gelatik eta nola gurasoen logelatik oihuak entzuten ziren, baina, seme gazteena, Lukax, gazteegia da horrelako golpe bat bat-batean jasotzeko. Lukax eta Enara aita gabe gelditu dira eta Matilde senar gabe, baina hori ez da dena, etxeko ama ospitalean dago eta seme-alabak etxean bakarrik egon behar dira denbora luzez. Enarak, beste edozein gaztek bezala, egiteko asko ditu, eskolako lanak, etxea garbitu, jatekoa prestatu behar du…. Ezin du denarekin, baina gutxienez Aingeru,bere mutil-laguna, alboan dauka. Irakasleak, Lukax, eskolan trakets dabilela dio irakasleak baina hori ez da berria, inoiz ez da ikasle ona izan, baina triste samar dabilela ere badio. Lukax haserre dago, ez ditu gauzak ondo ulertzen, berak, aita asko maite zuen eta orain aita gabe egoteak min asko egiten dio. Gainera eskolan mota guztietako komentarioak entzuten ditu eta bere ama hiltzailea dela du buruan sartuta. Ez da ama bisitatzera joaten eta ama ere arduratuta dago, baina, psikologoak dio normala dela, gazteegia baita. Baina amaren bizitzan badago beste mutil bat ere, Erramun du izena eta amaren gaztetako pretendiente bat da. Egun batean lore-sorta batekin joan zitzaion bisitan, amak laguna bakarrik dela dio, baina, Enarari zerbait gehiago dagoela iruditzen zaio.

Indarkeria matxistaz aparte beste gai batzuk ere jorratzen dira liburuan, adibidez alkoholismoa. Aitari gaztetatik gustatu izan zaio parranda, eta parrandak, sarritan, edatea dakar. Neurrian edaten bada ez da guztiz txarra baina bera, beti mozkortuta etortzen zen etxera eta amak zerbait esaten bazion egundoko sermoia armatzen zen.
Niri liburua asko gustatu zait, gai interesgarriez hitz egiteaz aparte gaiari buelta dezente ematen diodalako behin irakurri ondoren. Liburu bikaina dela iruditu zait eta orain, gai batzuk beste perspektiba batzuetatik begiratu ditzaket. Idazlearen beste liburu baten zain egongo naiz!

 

Izaro Izquierdo-ren iruzkina

Arratia BHI

Jasone Osoro, Greta, Elkar, 2003

Greta, amona Sararen dendako manikia da. Oskarrek ordu luzeak ematen ditu hari begira, harekin mintzatzen, hura janzten eta garbitzen, bere ama bera txikia zenean hil baitzen eta bakardadea sentitzen baitu. Baina, ezkontzekotan dago bere betiko andregaiarekin: Anarekin. Horren ondorioz, amaieran hautatu beharko du Greta, konpainia edo Ana, maitalea. Hori baino askoz gehiago da liburua, hautaketa horretan, ekintza ugari sortu eta pertsonai misteriotsuak agertzen direlako: maitasuna, ustekabea, tristura, Rakel, Ava…

Oskar, Ana, Rakel, Greta… gizakion antzera, errealak dira, eleberrian zehar garatuz baitoaz. Hala ere, Greta maniki bat izan arren, esan liteke, objektu pertsonalizatua dela. Bera momentu batean narratzailea delako eta bizia hartzen duelako, bere izaera eta pertsonalitatea islatuz. Ez hori bakarrik, Greta pertsonaia, beste eleberri batzuetako protagonistetik bereizten da. Desberdina da, ez du bizia, bakarrik entzuten du. Horrek liburuari bizia ematen dio. Beste pertsonaiak ere: Rakel, Oskar, Ana, Sara… ezustekoak ematen dituzte, alegia, Oskarrek Gretarekin zer egingo duen jakinarazten duenean edota Rakelen identitatea ezagutarazten duenean… hori dela eta, hurrengo kapituluan jakitun geratzen zara.

Gaiak berriz, irakurlearen jakin-mina pizten eta mantentzen du, kapitulu bakoitza denbora-pasarako ondo etortzen delako. Horrez gain, arazoa konpontzeko ekintza asko egon arren, denak emozioak eta irribarreak loratzen dituzte. Baina beste alde batetik, tristura eta pena ere. Gretaren erakusleihoa, amonaren dendaren eraispena, Rakelen pentsioa… hain zuzen dira hainbat gaietan aipagarrienak. Nahiz eta ekintza horiek eguneroko bizipenetan ez gertatu, gogoa gehiago suspertzen dute, ezberdinak eta gutxi entzundakoak direlako.

“(…) Greta ederra zen. Perfektua, ia perfektua. Ana ere bai. Gretaren azala hotza zen, leuna. Ana beltzarana zen. Gretak izter gogorrak zituen, plastikoarekin egindako artelan polita. Anak belaun beteak zituen, haragi mamitsua, erditu den emakume baten bularrak zituen, oparoak. (…) Gretak entzuten zekien. Anak bazekien hitz egiten. Greta konpainia zen. Ana maitalea nuen. (…)”

Jasone Osorok, hizkera landu eta bizi bat erabiltzen duenez, irakurketa atsegina eta irakurleen gogoeta suspertzen du. Bestalde, elkarrizketa arinak eta informalak tartekatuz, irakurleak erakarri eta liburua irakurterraza egiten du, lodiera handikoa izan arren. Modu berean, kapitulu bakoitza irakurri hala, jakin-min asko sortarazten du. Eta horrek ere, irakurketa arina eta irakurlearen irudimena hegan jartzean du.

Dena kontuan hartuta, esan liteke, gazteontzat nahiz, helduentzat egokituta dagoela. Ez oso umeena ezta helduena. Baina ez litzateke aproposa izango 11 urteko umeentzat, gaiak heldutasun puntu bat baitute. Beraz, azkar eta intriga sortzen duten eleberriak maite dituenentzat, oso nobela polita da Greta. Zeren zain zaude? Animatu irakurtzera eta disfrutatzera. Amaiera, ahaztezina izango zaizu, ez geratu jakin-minarekin.