Iazko finalistekin jarraituz…

2017/12/11

Antoniano Ikastetxeko Markel Aristiren iruzkina iazko finalistetako bat izan zen. Iñaki Zubeldia idazlearen “Josu Azalaren abenturak” liburuaren iruzkina bidali zigun, besteak beste. Dakizuen bezala, iruzkin bat baino gehiago bidal ditzakezue eta!

Josu da istorio honen protagonista dibertigarri eta berezia. Josuk betidanik sentitu du apaiza izateko gogoa, beraz, beldurrik gabe abiatuko da Bilboko apaiztegira. Bertan, lagun euskaldun ugari egingo ditu eta primeran pasatuko du haiekin hainbat abentura biziz. Kontuan izan beharra dago, Josuk ez duela gaztelania ongi menderatzen. Beraz, hizkuntza aldetik dituzten ezberdintasun horiek, umore kutsu bat erantsiko diote eleberriari.

Horrez gain, erronka desberdinak bururatuko zaizkio Josuri, eta bere lagun taldearekin denbora asko pasako dute horretan, hala nola, bost metroko zuhaitz batetik salto egin, igerilekuko ur hotzetan barrena urperatu, San Juan suan salto eginez hanka erretzea edota futbolera jolastea nahiz eta orkatila okertuta izan. Nork ez du nahi horrelako lagun talde bat?

Bukatzeko, liburu hau oso azkar irakurtzen dela aitortu beharra dut, izan ere, esan beharra dago istorioa dibertigarria eta interesgarria denez, gustora irakurtzea bultzatzen duela irakurlea.

Beraz… zeren zain zaude? Animatu zaitez irakurtzera!